Loturak Festibala. 1. edizioa
Abegiari eta migrazioei buruzko narrazio digital berriak
Garapen-bidean dauden kulturen eta gai sozialen jaialdia da, eta aukeratutako zenbait lan programatzen du. Bertan, hain zuzen ere, genero dokumental berrietako eta narrazio digitaletako artistek eta sortzaileek migrazioko iragaitza eta errefuxiatuen zein migratzaileen helduera, abegia nahiz inklusioa irudikatzeko erronkari aurre egiten diote.
Jaialdiaren formatuari esker, mekanismo eta tresna artistiko zein kulturalen bidez araketak eta saiakuntzak egiten dira, herritarren sentsibilizazioa eta hiriek migratzaileen abegiari zein inklusioari ematen dizkieten erantzunak sustatzeko asmoz.
Jaialdia erakustaldi irekia da, eta, bertan, gauzatutako Loturak proiektuetan eta eremuetan egindako lana eta hausnarketa jartzen dira ikusgai. Loturak sentsibilizaziorako eta elkarrizketarako tresna da, eta, begirada artistiko zein kulturalaren konplizitateaz, ikus-entzule berriak eta migrazio-prozesuetako errealitateen inguruan kontzientziatuta ez dauden herritarrak erakartzen ditu. Horrez gain, herritarren topaketarako eremua ere bada, gure garaiko kultura anitzeko errealitateei buruzko hausnarketa partekatua egiteko.
Loturak Festibalak ikusmira zabala eskaintzen du pantailetatik haratago doazen garapen-bideko unibertsoak eta narrazio-diskurtsoak sortzeko eta kontsumitzeko modu berriei buruz. Era berean, narrazio berrien etorkizunari eta gai sozialak jorratzeko duten ahalmenari buruz hausnartzeko, ikasteko eta zabaltzeko eremua ere irekitzen du.