Lekukotasuna Adi-adian (2014 eta 2015)

Komunikazio eta sentsibilizazio hedatua

Euskadi, 2014, 2015

Adi-adian Hezkuntza Modulua Eusko Jaurlaritzako Bakerako eta Elkarbizitzarako Idazkaritza Nagusiko programa da, eta, biktimen lekukotasunak entzuteko esperientziaren bidez, giza duintasunaren, elkarbizitzaren eta enpatiaren arloko ikasbideak bultzatzea dauka helburu.

Programan, biktimen lekukotasunak entzuteko 50 saio egin dira, eta haietako 47 EAEko ikasgeletan bertan egin dira zuzenean. Guztira, 21 ikastetxetako 2.256 ikaslek parte hartu dute bertan.

Adi-adian Hezkuntza Moduluaren garapenaren osagarri, Lekukotasuna Adi-adian Komunikazio eta Sentsibilizazio Hedaturako Proiektuak gazte parte-hartzaileekin lan egin zuen, biktimen lekukotasunak zuzenean entzuteko saioak amaitutakoan. Prestakuntzarako tailerraren bidez, parte-hartzaileek, nerabe eta gazte ikasleek, esperientziari buruz hitz egin eta hausnartu zuten, eta, mugikorrak grabatzeko gailu moduan erabilita, elkarrizketak egin zizkioten elkarri, euren sentipenak zein ikasbideak azaltzeko, esperientzia baloratzeko eta, horrela, mezuak eratu eta haien berri emateko.

Hausnartzeko eta mezuak sortzeko 6 tailer egin ziren, eta oso-osorik grabatu ziren, ikastetxe bakoitzean prozesuari buruzko laburpen-bideoa egiteko. Bertan, gainera, lortutako eta parte-hartzaileek grabatutako zenbait lekukotasun ere azaltzen ziren.