Hitz egin Proiektua

Osasun-arloko eragile komunitarioen prestakuntza eta komunikazio sozialerako kanpaina

PerĂº eta Bangladesh, 2010

Osasunarekin lotutako arazoak dituzten hegoaldeko biztanle zaurgarriei ahotsa eta protagonismoa emateko asmoz, Hitz egin Proiektua diseinatu genuen Anesvad Fundazioarentzat. Garapenerako GKE sanitarioa da, eta Bilbon dauka egoitza. Komunikaziorako eta zabalkunderako bide berriak egituratzea zen helburua, interesdunek euren iritziak adierazi zitzaten, euren arazoen berri eman zezaten eta, horrela, interesdunen ikuspegitik zuzenagoa eta hurbilagoa zen komunikazioa sortu zedin.

Komunikazio sozialeko ekimen aitzindari horri esker, berriemaile mugikorren erkidegoa sortu ahal izan zen GGKEren jardueraren helburu diren herrialdeetan, ikus-entzunezko ekoizpenerako egitura arina sortzeko, euren proiektuen berri emateko eta www.anesvad.tv webgunearen, ikus-entzunezko zenbait biltegi publikoren nahiz sare sozialen bidez zabaltzeko. Horretarako, gainera, online eremuak atondu ziren proiektuan parte hartutako pertsonentzat eta erakundeentzat.

Proiektuan bertan, ikus-entzunezko hezkuntza ez-formalerako espres tailerrak egin ziren, lokalizazio bakoitzean era bateko zein besteko bideoak sortzeko eta haietako bakoitzean gainditu behar zituzten arazoak islatzeko. Tailerrak amaitutakoan, zenbait lan-talde sortu ziren, eta, osteko egunetan, elkarrizketak egin eta euren ingurunea dokumentatu zuten.

Proiektua Peruko La Libertad departamentuko zenbait udalerritan egin zen, eta, bertan, tuberkulosiaren arazoa izan zuten hizpide nagusi. Horrez gain, Bangladesheko Satkhira barrutiko zenbait herritan ere egin zen, eta gizakien salerosketaren aurkako borroka izan zuten hizpide nagusi.