Kronika Migratzaileak

Migrazioen oroimen kulturala

Ezkerraldea, 2015

Kronika Migratzaileak formatu anitzeko eta plataforma anitzeko narrazio digital dokumentalak sortzeko partaidetzazko proiektua da, eta honako hauxe dauka helburua: Euskadiko barruko migrazio-mugimenduen ondorioz sortutako truke kulturalak irudikatzea eta ondare kultural immaterialari balioa ematea. Bizkaiko Labe Garaiak (BLG) eta Nerbioiko itsasadarreko ezkerraldea proiektu honetako lehenengo eremu eta lurralde protagonistak izan dira. Abegi-gizartearen bilakaeraren, aldaketen nahiz berregituraketa soziokulturalen eta migratzaileek euren garapen sozioekonomikoan izan duten ekarpenaren mapa da, hain zuzen ere.

Proiektuan, herritarrak eurak izan dira protagonista, eta lanaren zein pertsonen oroimenari eustea izan dute helburu. Horretarako, 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan garapen-polo nagusiak helmuga eduki zituzten migrazio-mugimenduetako gizon zein emakume protagonisten begirada, kontakizunak, lekukotasunak eta bizi-historiak hartu dituzte kontuan. Denboran irekitako leiho horrek urte haietako bizitzaren, familiaren eta lanaren inguruko kronika berreratu du bertako protagonisten eskutik.